Wednesday 16 October, 2024

Musika Gelak orain arteko Denboraldi inklusibo eta zabalena aurkezten du

Musika Gelak orain arteko Denboraldi inklusibo eta zabalena aurkezten du

Euskadiko Orkestraren hezkuntza- eta gizarte-zikloa indartsu dator 24/25 Denboraldi honetan eta inoiz baino jarduera gehiagorekin: 70 baino gehiago. Eta, batez ere, inoiz baino inklusiboagoa izango da, jarduera horietako askotan bere planteamendu transbertsal eta beharrezkoenean txertatu baitu: orkestra inklusio sozialaren ibilgailu izatea hainbat formaturen bidez eta gizartearen egituratzaile kantuaren bidez.

Zikloak lau ekoizpen propio estreinatuko ditu: ‘Ilargiari kantari’, ‘Musika tantak’, ‘Logelan logale’ eta ‘Misterioa’, aste honetan hasiko den ikuskizuna 3.300 ikasleren bisitarekin. Lehen produkzio honek Musika Familian kontzertua ere izango du, larunbat honetan, urriak 19, 12:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude.

Jaitsi prentsa-materiala hemen

Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Aurten, inoiz baino gehiago, zikloak arreta berezia eskaintzen dio gizarteko sektore zaurgarrienari.

Kolektibo zaurgarrien inklusioa eta kulturarako irisgarritasuna sustatzeko helburuarekin, ekintza ugari txertatu dira Musika Gelaren ziklo berrian. Alde batetik, aurten aurkeztuko diren ekoizpen propio batzuk alderdi hori modu integral eta transbertsalean txertatzeko ideiarekin sortu dira. Bestetik, Euskadiko Orkestrak FEVASekin duela hamarkada bat baino gehiagotik partekatzen dituen musika-tailer inklusiboak Denboraldi honetan zabaldu egin dira, eta orain ekimen zentralago, sendoago eta zabalago batean bihurtu dira, Musikazaleak izenarekin bataiatua. Eta, azkenik, Musika Gela Europako ARTIS+ proiektuaren eta Gertu Kultura programatzaile-sarearen parte da urte honetatik aurrera. Ekimen horien helburua da pertsona zaurgarrien kulturarako irisgarritasuna hobetzea.

 

 

Inklusioa, Denboraldi honetako produkzioen ardatz egituratzailea

 

Musika Gelaren baitan aurkeztuko diren lau ekoizpen propioetatik bik kulturarako irisgarritasuna eta kolektibo zaurgarrien ikusgarritasuna bilatzen dute bereziki: Musika tantak eta Misterioa.

Musika tantak inklusioaren eta aniztasunaren egitasmoa izango da. Gaitasun desberdinak dituzten musikariek kontzertu bat eskainiko dute eta orkestrako musikariekin partekatuko dute eszenatokia. Ikuskizunak sorpresazko errepertorioa izango du, artista berrientzat eta gure musikarientzat esperientzia kitzikagarri eta berritzailea izango dena.

Bestetik, Misterioak formatu berritzaile bat dakar Musika Familian kontzerturako: saio lasaia. Saio hauek elkarbizitza inklusiborako ateak irekitzen dituzte, non familia guztiek besaulki-patioa partekatzen duten, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familiak zein halako kiderik ez dutenak. Elkarteek astegunetan antolatzen dituzten jardueretatik kanpo desgaitasunen bat duten pertsonek gehien nahi dutenarekin banaka parte har dezaten sustatzeko modu bat da, gainerako pertsonek beren portaera epaitzeko beldurrik gabe.

Beren beharretara hobeto egokitzeko asmoz, saio lasaiek ohiko kontzertu bateko errutinak baino toleranteagoak diren baldintzak betetzen dituzte, ohiko protokoloa hain zorrotz jarraitu gabe. Kontzertu-aretoko ateak irekita egongo dira saio osoan zehar, gure publikoa ekitaldi osoan zehar sartu eta irten ahal izateko, nahieran. Aretoa beti argiztatuta egongo da, ilunpean gera ez dadin, eta arreta berezia jarriko da argi distiratsurik, zarata gogorrik eta ezusteko elementu sentsorialik egon ez dadin. Ikus-entzule guztiek jarrera lasaia izango dute ikuskizunean zehar edozein zarata edo mugimenduren aurrean.

Aretotik irten behar izanez gero, sarrerako hall-a espazio alternatibo bat izango da, gure publikoak atseden hartu ahal izateko eta, prest dagoenean, berriz ere ekitaldiarekin bat egin ahal izateko. Eta artistak eta langileak sentsibilizatuta egongo dira inklusio-praktika onenekin.

 

 

Musikazaleak

 

Euskadiko Orkestrak ibilbide luzea darama Musika Gelan inklusioaren alde, FEVAS Plena Inclusión Euskadiren eskutik. Bi erakundeak duela 15 urte hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero,1.500 pertsona inguruk hartu dute parte hainbat jardueretan, eta horien artean nabarmenenak, Bilbo, Gasteiz eta Donostian egin diren tailerrak eta Miramongo egoitzan egin diren kontzertuak izan dira. Jarduera horiek “Praktika On” izendatu zituen FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak. Soinu Mosaikoa egitasmoak ere lankidetza horretan du sorburua. Ekimen hori Espainiako 14 orkestretara hedatu zen, musika garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna bihurtzen duen praktika aitzindari gisa. Ekimen honek CERMI 2018 sari nazionala jaso zuen musikaren bidez desgaitasunaren inklusioa sustatzeagatik.

Denboraldi honetan, proiektu partekatu honek urrats berri eta garrantzitsu bat emango du Musikazaleak ekimenaren aurkezpenarekin. Musikeneko Musika-arloko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko masterreko ikasleen inplikazioa izango du egitasmoak. Yamel Romero musikagile, musikoterapeuta eta musikaren bidez ekipoak eta pertsonak laguntzen eta garatzen espezializatutako sofrologoak ere laguntzen du proiektu honetan. Musikazaleak ekimena adimen- edo garapen-desgaitasuna duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor osatzean datza (bana Bilbo, Donostia eta Gasteizen). Talde horiek zortzi musika-tailerretan parte hartuko dute ikasturtean zehar. Tailerrei amaiera emateko, kontzertu bat eskainiko da 2025eko ekainean, ikasturtean egindako lana erakusteko. Tailer hauek babesle dituzte Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa eta Gasteizko Udal Antzoki Sarea.

 

 

Musika Gela inklusioa sustatzen duten proiektu eta sareen baitan

 

Musika Gela ziklo osoa ARTIS+: Artea, gizarteratzeko ekimenaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik.

Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.

Ildo beretik, Musika Gelaren programazioa Gertu Kulturaren parte da orain, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izan dezaten laguntzeko elkartu diren kultura-programatzaileen sarearen parte.

Irabazi asmorik gabeko ekimen honen helburua kulturaren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, kultura-espazio eta -esperientzia bereziak biltzen ditu prezio oso murritzetan, lehentasunarekin eta kolektibo ezberdinen beharrak entzutean eta behar horiei erantzutean oinarritutako tratu pertsonalizatuarekin. Gertu Kultura Apropa Cultura Saretik dator; sare hori Bartzelonako Auditori musika-zentroan abiarazi zen eta, Katalunian ia bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, erreferentziazko sare inklusiboa da gaur egun, 190 kultura-programatzaile baino gehiagorekin, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiagorekin eta 54 udalerri baino gehiagorekin.

 

 

ZIKLOAREN PROGRAMAZIO OSOA

 

Lau ekoizpen propio

 

Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz. Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak.

Horietako lehena, Misterioa, pasa den udaberrian estreinatu zen Kursaalen eta egunotan Miramonen aurkeztuko da. Alde batetik, Eskola Kontzertu gisa, urriaren 16tik 24ra, 3.300 ikasleren bisitarekin; eta, bestetik, Musika Familian kontzertu bezala, urriaren 19an, larunbata, 12:00etan, saio lasai formatuan. Denboraldi honetan aurkeztuko diren gainontzeko produkzio propioak honakook izango dira: Ilargiari kantari, Musika tantak eta Logelan logale.

Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 8.000 ikasle inguruk parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Altzo, Aizarnazabal, Andoain, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Orio, Segura, Tolosa eta Usurbil. Lehendabizikoz, Logelan logalerekin, Gasteizen egingo dira Eskola Kontzertuak. Sail honetako kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren, Kursaal Eszenaren eta Gasteizko Udalaren lankidetza dute gaur egun.

Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 28 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Musika tantak, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udal Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan ere egongo dira salgai eta Kursaalen webgunean (kursaal.eus).

Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita Eskola Kontzertuen eta Musika Familian kontzertuen datak ere:

 

 

1) MISTERIOA

 

Proiektu honetan, melodia soilak proposatzen dira, baina, misterioak misterio, oso ospetsu egin direnak; adibidez, Beethovenen alaitasunaren oda. Musika enigma hutsa da! Gure musikarien eskutik, musikaren mundu misteriotsuan sartuko gara.

Parte-hartzaileak: Nathalie Dabadie (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Hélène Billard-Alirol (flauta), Garazi San Martin (aktorea), Jaione Urtasun (aktorea), Mikel Cañada (gidoia).

Programa: Mozart, Beethoven, Debussy, Buys, Tchaikovskiren obrak.

ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen eta Bigarren Hezkuntza)
Urriak 16, 17, 18, 21, 22, 23, 24 (9:45/11:15), Miramon (Donostia)

MUSIKA FAMILIAN (Saio lasaia)
Urriak 19 (12:00*), Miramon (Donostia)

*Kontzertuaren aurretik, 10:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: musikagela@euskadikoorkestra.eus

 

 

2) ILARGIARI KANTARI

 

Amona abeslari bati eta haren oroitzapenei jarraituz, euskal herri-musikaren hainbat melodia jorratuko dira Ilargiari kantarin, baita gizakiek ilargia lehenbizikoz zapaldu zuten garai bikaineko abesti ospetsuak ere.

Parte-hartzaileak: Amaia Asurmendi (biolina), Igor Arostegi (perkusioa), Amaia Zipitria (pianoa), Ainhoa López de Munain (ahotsa), Ana Egiazabal (aurkezlea), Mikel Cañada (gidoia).

Programa: Guridi, Aita Donostia, Chaplin, Howard, Morricone, Pucciniren obrak

ESKOLA KONTZERTUAK (Haur Hezkuntza)
Otsailak 13, 14, 17, 18, 19, 20 (9:45/11:15), Miramon (Donostia)

MUSIKA FAMILIAN (3<6 urte)
Otsailak 2 (17:00/18:30), Garcia Lorca (Gasteiz)
Otsailak 15 (11:00/12:30), Miramon (Donostia)

 

 

3) MUSIKA TANTAK

 

Musika tantak inklusioaren eta aniztasunaren egitasmoa izango da. Gaitasun desberdinak dituzten musikariek kontzertu bat egingo dute elkarrekin eta, esate baterako, bisita egingo diete musika klasikoari eta musika esperimentalari, popa eta jazza alde batera utzi gabe.

Parte-hartzaileak: Ensemble Euskadiko Orkestra (pianoa, kontrabaxua, klarinetea, tronpeta, perkusioa), Simón Ezquiaga (ahotsa eta aurkezpena), Yamel Romero (koordinazio artistikoa), Mikel Cañada (gidoia).

Programa: sorpresazko errepertorioa.

MUSIKA FAMILIAN (6<14 urte)
Martxoak 29 (18:00*), Kursaaleko Ganbera Aretoa (Donostia)
Martxoak 30 (18:00*), Felix Petite (Gasteiz)

*Kontzertuen aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bana eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: 943003170 (Donostia) / 945161045 (Gasteiz).

 

4) LOGELAN LOGALE

 

Euskadiko Orkestrak 2025eko maiatzean Donostian eta Gasteizen estreinatuko duen kantataren izenburua da. Ekimen hori ARTIS+ proiektu europarraren parte da eta, horren bidez, kantu korala bultzatu nahi dugu gure herriko ikastetxeetan. Eszenatokian eta besaulki-patioan neska-mutilen abesbatza handi bat eszenaratuko duen kantata honek Euskadi kantuaren bidez egituratzeko balioko du. Izan ere, urte bat geroago Bilboko eta Nafarroako orkestrek eskainiko baitute euren probintzietan Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin. Proiektu hau duela urtebete abiatu zen inplikatutako eragileekin, eta orain lan-fase berri bati ekin dio ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Mailako ikasleekin, eta Eskolentzako Kontzertuen formatuan estreinatuko da. Logelan logalek aurrerago izango du aurkezpen independentea.

Parte-hartzaileak: Juanjo Ocon (zuzendaria), Kepa Errasti (abeslaria eta aktorea), Easo Gazte (abesbatza), Arabatxo (abesbatza), María Goiricelaya (eszena-zuzendaria), Jagoba Astiazaran (jatorrizko musika), Leire Bilbao (libretoa).

ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen Hezkuntza)
Maiatzak 13, 14 (12:00), Kursaal (Donostia)
Maiatzak 15 (12:00), Jesus Guridi (Gasteiz)

 

 

Jarduera gehiago

 

Kontzertu-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da beste ekintza batzuekin. Musika Gelak Entsegu Irekiekin jarraituko du. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetan hiru Entsegu Ireki eskainiko dira, azaro, urtarril eta martxoan.

Gainera, orkestrak Musika Gelaren azken aldiko ekoizpen arrakastatsuenetako bat berreskuratuko du, Pantomima, kasu honetan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan eskaintzeko, azaroaren 3an, 18:00etan, San Agustin Antzokian. Vivaldi, Bach eta Haendel bezalako egileen barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia batek publikoarekin jolastuko duen objektu, erritmo eta doinu erreal zein irudimenezkoak deskubritzera. 3 eta 6 urte bitartekoei zuzendutako ikuskizuna izango da.

 

 

MUSIKA GELA YOUTUBEN

 

Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Boléro, Polikinela, Elkarrekin sortu, Living Room Music eta Mozart, Nannerl eta Lagunak. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.

 

 

LANKIDETZA-SARE ZABALA

 

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.

 

 


ARTIS+

Ziklo hau ARTIS+ proiektuaren parte da, eta proiektu hau Europako Batasunak finantzatzen du %65ean Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.


 

Next events

Concerts & Tickets January

1 We
2 Th
3 Fr
4 Sa
5 Su
6 Mo
7 Tu
8 We
9 Th
10 Fr
10 january, 2025 Friday, 19:30 h.
Symphonic Season Brahms / Dvorak Robert Treviño Bilbao/Bilbo Buy tickets
Brahms / Dvorak
11 Sa
11 january, 2025 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 7: Eguzkilore Donostia / San Sebastián Buy tickets
Matinée 7: Eguzkilore
12 Su
13 Mo
13 january, 2025 Monday, 19:30 h.
Symphonic Season Brahms / Dvorak Robert Treviño Donostia / San Sebastián Buy tickets
Brahms / Dvorak
14 Tu
14 january, 2025 Tuesday, 19:30 h.
Symphonic Season Brahms / Dvorak Robert Treviño Vitoria/Gasteiz
Brahms / Dvorak
15 We
15 january, 2025 Wednesday, 19:30 h.
Symphonic Season Brahms / Dvorak Robert Treviño Pamplona/Iruña Buy tickets
Brahms / Dvorak
16 Th
16 january, 2025 Thursday, 19:30 h.
Symphonic Season Brahms / Dvorak Robert Treviño Donostia / San Sebastián Buy tickets
Brahms / Dvorak
17 Fr
18 Sa
19 Su
20 Mo
21 Tu
22 We
23 Th
24 Fr
24 january, 2025 Friday, 19:30 h.
Symphonic Season Saint-Saëns / Szymanowski Lukasz Borowicz Donostia / San Sebastián Buy tickets
Saint-Saëns / Szymanowski
25 Sa
25 january, 2025 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 8: Romantic Group Donostia / San Sebastián Buy tickets
Matinée 8: Romantic Group
26 Su
27 Mo
27 january, 2025 Monday, 19:30 h.
Symphonic Season Saint-Saëns / Szymanowski Lukasz Borowicz Donostia / San Sebastián Buy tickets
Saint-Saëns / Szymanowski
28 Tu
28 january, 2025 Tuesday, 19:30 h.
Symphonic Season Saint-Saëns / Szymanowski Lukasz Borowicz Vitoria/Gasteiz
Saint-Saëns / Szymanowski
29 We
29 january, 2025 Wednesday, 19:30 h.
Symphonic Season Saint-Saëns / Szymanowski Lukasz Borowicz Bilbao/Bilbo Buy tickets
Saint-Saëns / Szymanowski
30 Th
31 Fr