Monday 18 October, 2021

Kalean da Kalakan eta Euskadiko Orkestraren disko berria, kontzertu-bira baten bezperetan

Kalean da Kalakan eta Euskadiko Orkestraren disko berria, kontzertu-bira baten bezperetan

Euskal tradizioko hamabi kanta barne hartzen dituen diskoa, Elkar diskoetxearen zigilupean grabatua, gaur, urriak 18, kaleratu da eta eskuragai dago merkataritza-establezimendu eta plataforma digital nagusietan.

Diskoa aurkezteko bost kontzertu antolatu dituzte bi euskal taldeek Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian urriaren 20tik azaroaren 5era. Salgai daude kontzertu guztietarako sarrerak 10 eurotik 26 eurora bitarteko prezioan.

Proiektu hau ohiko errepertorioetatik kanpoko musika-ekoizpena bideratzeko Euskadiko Orkestraren ‘KlasikAT’ egitasmoaren baitan aurkezten da.

 

Apiril amaieran Miramonen lehen entseguak egiten hasi ziren elkarrekin Kalakan eta Euskadiko Orkestra, disko bat eta kontzertu-sorta bat prestatzeko asmoz. Hurrengo hilabeteetan egin zituzten grabazio-saioak, talde bakoitzak bere aldetik, eta ondoren udako hilabeteetan egin da estudioko ekoizpen-lana. Orain prest dago Elkar diskoetxearen zigilupeko grabazio hau eta gaurtik aurrera, urriak 18, merkataritza-establezimendu (18,50 €ko salneurrian) eta plataforma digital nagusietan eskuratu ahal izango da. Abenduan izango den Durangoko Azokan ere aurkeztuko da diskoa.

Diskoko kantak aurkezteko bost kontzertu antolatu dituzte Kalakan eta Euskadiko Orkestrak: urriaren 20an Iruñeko Baluarte Auditoriumean (19:30); urriaren 21ean Gasteizko Principal Antzokian (19:30); urriaren 22an Bilboko Arriaga Antzokian (19:30); urriaren 23an Donibane Lohizuneko Jai Alaien (20:00); eta azaroaren 5ean Donostiako Kursaal Auditoriumean (19:30). Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude 10 eta 26 euro bitartean euskadikoorkestra.eus webgunean, baita aretoen webgune eta leihatiletan ere. Kontzertuetan ere egongo da salgai diskoa.

 

 

Euskal musika tradizionala oinarri duen proiektua

 

Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala da. Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.

Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren Iruten ari nuzu edo Kantuz. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena dute, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.

Horretaz guztiaz gain, Xalbador eta Bilintx bertsolarien hainbat hitz jaso dira, propio proiektu honetarako sortu diren pieza batzuetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.

 

 

Diskoko kantak

 

  1. KLKN
  2. Andria alargune
  3. Iruten ari nuzu
  4. Rebeleon
  5. Loriak udan
  6. Bereterretxeren Kantorea
  7. Ikusten duzu goizean
  8. Montebideoko berriak
  9. Egun bakea zutaz
  10. Txoria Txori
  11. Belatzarenak
  12. Kantuz / Sagarra jo

 

Kontzertuetan diskoko kanta hauek interpretatzeaz gain, beste hainbat sorpresa ere eskainiko dituzte Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak.

 

 

Kontzertuak

 

  • Urriak 20, asteazkena (19:30), Iruña, Baluarte.
  • Urriak 21, osteguna (19:30), Gasteiz, Principal.
  • Urriak 22, ostirala (19:30), Bilbo, Arriaga.
  • Urriak 23, larunbata (20:00), Donibane Lohizune, Jai Alai.
  • Azaroak 5, ostirala (19:30), Donostia, Kursaal.

 

 

Prezioak

 

  • Iruña: 18<25€
  • Gasteiz: 18<25€
  • Bilbo: 10<25€
  • Donibane Lohizune: 10<26€
  • Donostia: 18<25€

Aipatutako prezioen gainean Euskadiko Orkestraren abonatuek %25erainoko deskontua izango dute kontzertuen sarreretan, Donibane Lohizunen izan ezik.

 

 

KlasikAT: Kalakanen jauzia esparru sinfonikora

 

Diskoa eta aurkezpen-kontzertuak barne hartzen dituen proiektu honetan Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegarayek osatzen duten hirukoteak esparru sinfonikora jauzi egin du Euskadiko Orkestraren eskutik eta Juanjo Oconen zuzendaritzapean. Grabazioa osatzen duten euskal tradizioko hamabi kanten orkestrarako moldaketak Jagoba Astiazaranek egin ditu.

Proiektu hau orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen da. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen beste generotako musika-ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.

Next events

Concerts & Tickets May

1 We
2 Th
3 Fr
4 Sa
5 Su
6 Mo
7 Tu
8 We
9 Th
10 Fr
10 may, 2024 Friday, 19:30 h.
Season concerts Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Bilbao/Bilbo
Lalo / Dvorak
11 Sa
11 may, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 14: Bost metalak Donostia
Matinée 14: Bost metalak
12 Su
13 Mo
13 may, 2024 Monday, 19:30 h.
Season concerts Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Vitoria/Gasteiz
Lalo / Dvorak
14 Tu
14 may, 2024 Tuesday, 19:30 h.
Season concerts Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Pamplona/Iruña
Lalo / Dvorak
15 We
16 Th
17 Fr
18 Sa
19 Su
20 Mo
21 Tu
22 We
22 may, 2024 Wednesday, 19:30 h.
Season concerts Debussy / Viloria Baldur Brönnimann Vitoria/Gasteiz
Debussy / Viloria
23 Th
24 Fr
25 Sa
25 may, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 15: Xarma Donostia
Matinée 15: Xarma
25 may, 2024 Saturday, 19:00 h.
Other activities Musikaste. Closing concert Baldur Brönnimann Errenteria
Musikaste. Closing concert
26 Su
27 Mo
28 Tu
29 We
30 Th
31 Fr