Zinemaldia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzara helduko da, Orkestraren eta SGAEren Fundación Autor-en eskutik

Bihar osteguna irailaren 26an, Euskadiko Orkestraren egoitza Donostia Zinemaldiaren harretagune izango da, bertan bilduko baitira egun zinemarako musika sortzen duten espainiar konpositore gailenetariko batzuk.
Miramonen izango da Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE-ren Fundación Autor erakundeak antolatutako kontzertua. Orkestrak, Andrés Salado maisuaren zuzendaritzapean, soinu-banden aukeraketa bat interpretatuko du.
Egitarauak Emilio Aragón, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velázquez eta Zacarías M. de la Rivak idatzitako partituren aukeraketa bat biltzen du. Konpositoreak, eta SGAEren Fundación Autor-eko presidente Antonio Onetti eta SGAEko presidente José Luis Acosta ere, kontzertuan izango dira. Besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragónek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011ean eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) edo Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika erabateko protagonista izango da oraingoan.
Sarrerak agorturik. Kontzerturako gonbidapenak joan zen irailaren 16an Zinemaldiak Okendo Plazan duen karpan publiko ororentzat eskuragarri jarri eta egun gutxitan agortu ziren.
Concerts & Tickets May

