Friday 19 November, 2021

Musika Gela zikloaren 21-22 Denboraldiaren aurkezpena

Musika Gela zikloaren 21-22 Denboraldiaren aurkezpena

Euskadiko Orkestrak hiru ekoizpen aurkeztuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Euskadiko Orkestra Cirkus’, egunotan estreinatu den produkzio propioa; ‘Living Room Music’, hau ere orkestraren ekoizpena; eta ‘Botadun katua’, Per Poc txotxongilo-taldearena, lehendabizikoz euskarazko moldaketa izango duena.

Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala Entsegu Ireki batekin eta beste jarduera batzuekin osatuko da.

Covid-19aren mundu mailako pandemiaren ondorioz programazioa murriztuta izan zuen trantsizio-denboraldi baten ondoren, indartsu itzuli da Euskadiko Orkestraren hezkuntza-zikloa, Musika Gela. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, aurtengoan 3 urtetik hasi eta 12 urteraino.

Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz.

Denboraldi honetan Euskadiko Orkestra Cirkus estreinatuko dugu, gure publiko gazteenari zuzendutako kontzertu-ikuskizuna. Alaitasun eta fantasiazko eztanda izango da, musika dibertigarrien eta zirkuaren magiaren bidez. Urtarrilean Living Room Music iritsiko da, pasa den denboraldian arrakasta handia izan zuen ekoizpen propioa, aurten ere jarraituko duena. Lau perkusiojolek eta aktore batek munduko edozein hiritako apartamentu batera eramango gaituzte bertan, konfinamenduari umore-ukitua emateko eta edozein objekturekin musika sortzea posible dela erakusteko. Perraulten Botadun katua lanarekin emango diogu amaiera Denboraldiari; literatura unibertsaleko klasiko honek Luis XIV.aren gorteko giroan murgilduko gaitu ikuskizun bisual eta poetiko baten bidez. Per Poc txotxongilo-taldeak sortutako ekoizpen hau lehendabizikoz moldatu da euskarara Musika Gelaren baitan aurkezteko.

Hiru produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 9.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Astigarraga, Azpeitia, Berrobi, Donostia, Ezkio-Itsaso, Gasteiz, Lizartza, Olaberria, Orio, Urretxu, Zestoa eta Zumaia. Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.

Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 25 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Euskadiko Orkestra Cirkus, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 7 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai. Donostiako kontzertuen sarrerak abenduaren 14an jarriko dira salgai eta Gasteizkoenak urtarrilaren amaieran.

Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita Eskola Kontzertuen eta Musika Familian kontzertuen datak ere:

 

1. EUSKADIKO ORKESTRA CIRKUS

3 < 6 urte
40’
Itziar Prieto*,
biolina
Didier Bousquet*, tronpeta
Amaia Zipitria, pianoa
‘Pituxa’ Itziar Saenz de Ojer, clowna
Irati Gonzalez Jaimerena, akrobaziak
Koldo Arakistain, akrobaziak
Mikel Cañada, gidoia

*Euskadiko Orkestraren kideak

 

Jazza, musika herrikoia, aretoetako musika eta musika kultua nahasten dituzten XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako musiken bidez sortutako alaitasun eta fantasiazko eztanda bat da Euskadiko Orkestra Cirkus. Pieza txiki eta dibertigarriak, horien estiloaren adierazgarri bikainak direnak eta kolorez, exotismo melodiko eta tinbrikoz beterik daudenak. Kontzertu honen helburua gure entzule txikiei musikaren magia helaraztea da, zirkuaren magiari lotuz; malabareak, magia jokoak, clownak, ekilibristak eta surrealismoaren eta herrikoiaren artean dagoen musika. Hau guztia gure orkestrako musikariek osatutako talde instrumentalaren eta arte eszenikoetako beste kolaboratzaile batzuen bitartez sortua.

 

ESKOLA KONTZERTUAK

Azaroak 18, 19, 22, 23, 24, 25
9:45 / 11:15
Miramon. Orkestraren egoitza
Haur Hezkuntza

 

MUSIKA FAMILIAN

Donostia
Urtarrilak 29

18:00
Kursaal. Ganbera aretoa

Gasteiz
Urtarrilak 30

17:00 / 18:30
García Lorca Antzokia

 

2. LIVING ROOM MUSIC

6 < 10 urte
50’
Anthony Lafargue*,
perkusioa
Héctor Marqués*, perkusioa
Igor Arostegi*, perkusioa
Gorka Catediano, perkusioa
Ana Hernández Sanchiz, aktorea
Mikel Cañada, gidoia

*Euskadiko Orkestraren kideak

 

Lau musikari berrogeialdia egin behar izatearen ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte: mahaiak, koilarak, haizemaileak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak, zabor-ontziak, eskuak, ahotsak...  Kanpoaldearekin duten kontaktu bakarra auzotar indiskretu bat da, beren egoera berean dagoena. Hura auzokideen "zarata" izugarriengatik pazientzia galtzen hasten da eta etengabe gogaitzen jardungo da...

 

ESKOLA KONTZERTUAK

Urtarrilak 19, 21, 24, 25, 26, 27
9:45 / 11:15
Miramon. Orkestraren egoitza
Lehen eta Bigarren Hezkuntza

 

MUSIKA FAMILIAN

Donostia
Urtarrilak 22

11:00 / 12:30
Miramon. Orkestraren egoitza

 

3. BOTADUN KATUA

6 < 10 urte
55’
Euskadiko Orkestraren talde instrumentala
Per Poc
, txotxongilo-taldea
Aarón Zapico, zuzendari artistikoa
Rakel Ezpeleta, narratzailea

 

Euskadiko Orkestrako talde instrumental barroko batek eta Per Poc txotxongilo-taldeak Botadun katua literatura unibertsalaren klasikoan oinarritutako ikuskizuna proposatzen dute, Luis XIV.aren gortean eta bere garaiko musikan murgiltzen gaituena. Kontzertu bisual eta poetikoa izango da, formatu handiko eta musika barrokoko antzerki victoriarrarekin, haur eta gazteek kulturalki garai distiratsu baten aberastasun musikala deskubritu dezaten. Per Poc taldearen ekoizpen hau lehendabizikoz eskainiko da euskaraz.

 

ESKOLA KONTZERTUAK

Martxoak 30, 31
9:45 / 11:30
Kursaal
Lehen Hezkuntza

 

MUSIKA FAMILIAN

Gasteiz
Apirilak 10

18:00
Principal Antzokia

 

 

Entsegu Ireki bat eta beste jarduera batzuk

 

Kontzertu-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da beste ekintza batzuekin. Musika Gelak berriz helduko die Entsegu Irekiei. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetako Entsegu Irekia martxoaren 10ean izango da, 11:00etan, Kursaal Auditoriumean, eta bertan orkestrak Berliozen Sinfonia Fantastikoa interpretatuko du, Pinchas Steinbergen batutapean.

Gainera, orkestrak Musika Gelaren azken aldiko ekoizpen arrakastatsuenetako bat berreskuratuko du, Mozart, Nannerl eta Lagunak, kasu honetan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan eskaintzeko, azaroaren 27an, 19:00etan, San Agustin Antzokian. Wolfgang Amadeus Mozart konpositore ezaguna eta bere arreba Maria Anna Mozart ‘Nannerl’ protagonista izango dituen ikuskizuna da, 3 eta 6 urte arteko haurrei zuzendua.

Era berean, ikastetxeetako irakasleentzako tailerrak egiten jarraituko da, Eskola Kontzertuak aldez aurretik prestatzeko helburuarekin.

 

 

Musika Gela YouTuben

 

Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Mozart, Nannerl eta Lagunak, Ekomusik eta Isiltasunaren haitzuloa. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.

 

 

Lankidetza-sare zabala

 

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.

Next events

Concerts & Tickets March

1 Fr
2 Sa
3 Su
4 Mo
5 Tu
6 We
7 Th
8 Fr
9 Sa
10 Su
11 Mo
11 march, 2024 Monday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Donostia / San Sebastián
Rachmaninoff / Strauss
12 Tu
12 march, 2024 Tuesday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Pamplona/Iruña
Rachmaninoff / Strauss
13 We
13 march, 2024 Wednesday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Vitoria/Gasteiz
Rachmaninoff / Strauss
14 Th
15 Fr
16 Sa
17 Su
18 Mo
19 Tu
20 We
20 march, 2024 Wednesday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Donostia / San Sebastián
Venegas / Prokofiev
21 Th
21 march, 2024 Thursday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Donostia / San Sebastián
Venegas / Prokofiev
22 Fr
22 march, 2024 Friday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Pamplona/Iruña
Venegas / Prokofiev
23 Sa
23 march, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 11: Aeolia Ensemble Donostia
Matinée 11: Aeolia Ensemble
24 Su
25 Mo
26 Tu
27 We
28 Th
29 Fr
30 Sa
31 Su