Friday 19 February, 2021

Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak bat egin dute ‘Gutizia’-n

Garikoitz Mendizabal Euskadiko Orkestrarekin (Argazkia: Juantxo Egaña)
Garikoitz Mendizabal Euskadiko Orkestrarekin (Argazkia: Juantxo Egaña)

Garikoitz Mendizabal txistularia eta Euskadiko Orkestra elkartu egin dira jatorri ezberdinetako hainbat egilek txistu eta orkestrarentzat idatzitako zortzi obrako disko bat grabatzeko. Helburu dute instrumentu honentzako errepertorioa areagotzea eta, horren bidez, nazioartean hedapen nabarmenago bat lortzea.

Hasiera batean bide ezberdinetatik doazen bi munduk bat egin dute une batean eta Gutizia eman dute emaitza gisa. Delicatessen moduko lan honek modu naturalean uztartu ditu euskal kulturan hain sustraituta dagoen instrumentu bat, txistua, eta orkestra sinfoniko bat. Horretan dihardute lanean egunotan Garikoitz Mendizabal eta Euskadiko Orkestra Miramonen, txistu eta orkestrarako idatzitako obra-sorta baten grabazioa egiten eta ondorengo hedapena prestatzen. Xedea da, instrumentu honen defendatzaile handienetako Garikoitz Mendizabalen hitzetan, “literatura areagotzea, txistuak modu naturalean nazioarteko zabalkunde nabarmenagoa izan dezan munduko orkestretan”.

Grabazioak guztira zortzi obra hartzen ditu barne, batzuk berriki idatziak eta besteak bertsio berri gisa aurkeztuak. Jatorri ezberdinetako musikagileek idatzitako lanak diren heinean, musika-bilduma hau bidaia bat da bere horretan. Lan hauetako gehienek honako hau estreinaldia dute, eta historia eta motibazio ezberdinak dituzte: Kenyari omenaldi bat (Karibu Peponi); gizakiak bizitza osoan barrena bizitzen dituen emozioen erakustaldi bat (Leyenda); txistuaren aldarrikapena orkestrarekin parekatzen den instrumentu gisa (Symphony-Concerto); edo Libanoko konpositore Naji Hakimena, euskal doinuak izan dituena inspirazio-iturri txistua instrumentu-bakarlari gisa aurkezteko hiru mugimenduko kontzertu baten forma klasikoan (Txistu eta orkestrarako kontzertua).

 

 

Proiektuko parte-hartzaileak

 

Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja arduratuko da Gutiziaren musika-zuzendaritzaz. Garikoitz Mendizabal, orkestra eta konpositoreez gain, proiektu honetan honakook ere parte hartuko dute: Naroa Intxausti sopranoa, Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatza (Eva Ugaldek zuzentzen duena), eta Iñaki Telleria eta Marc Blanes produkzioan eta soinuan.

Nazioarteko diskoetxe Orpheus Classical-ek hartuko du bere gain proiektu honen grabazioa, CD formatuan editatuko dena, eta Spotify eta iTunesen ere eskuragai jarriko dena. Uda osterako programatu da merkaturatzea.

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistuaren interpretazioan, defentsan eta sustapenean pertsonaia oso garrantzitsua da. Azken urteetan lankidetza-sorta nabarmena egin du musikagile garaikideekin errepertorio berriak jorratzeko asmotan. Esan daiteke Gutizia horren guztiaren fruitua dela. Bere hitzetan: “Ukaezina da musika berria den neurrian, txistu eta orkestrarako literatura areagotu eta aberasten duela, zalantzarik gabe. Eta hori izan da, urte hauetan guztietan, nire nahia eta nire saiakera ondorengo belaunaldiei begira. Bistakoa da, baita ere, euskal musikagileek zein atzerrikoek idatzi dutela hain gurea den instrumentuarentzat. Etorkizunean izango diren txistulariei utzi nahi nieke orkestra handi batez lagundurik jotzeko aukera eta material gehiago. Bide batez, oso ohikoak ez diren musika-tresna batzuekin egiten ari diren moduan (akordeoia, gitarra, etab.), txistuak ere izango du, naturaltasunez, orkestra sinfoniko batekin aritzeko aukera gehiago, bai Euskal Herrian bai atzerrian. Euskal kulturaren nazioartekotze-prozesuan tresna eta baliabide ezin hobea izan daitekeela sinetsita nago, baieztatu ahal izan baitut zeinen erreakzio zirraragarria izan ohi duten entzuleek gure txistua entzutean orkestra baten laguntzaz. Besterik gabe, zuen eskuetan jartzen dut nire denbora, gogoa eta ilusioa”.

Euskadiko Orkestrarentzat bi munduok uztartzea euskal kultura sustatu eta hedatzeko bokazioari jarraipena emateko abagunea da, oraingo honetan nabarmen sustraitutako eta tradizio handiko instrumentu baten bidez. 2002an egin zuen lehen gerturaketa instrumentu honetara, Tomas Aragues Bernarden Txistu eta orkestrarako kontzertuarekin, Joxe Ignazio Ansorena solista izan zuena. Lankidetza berri honek bat egiten du aurreko beste batzuekin: txalaparta (Oreka TX / Kalakan), gaita (Gaiteros de Elciego) eta trikitixa (Kepa Junkera), besteak beste. Proiektu-sorta horren guztiaren xedea euskal kulturaren ondare aberatsa jaso, defendatu eta bultzatzea izan da.

 

 

Fitxa teknikoa

 

Obrak (grabazio hurrenkeran):

  • Leyenda....................................................... Eduardo Moreno [17’]
  • Txistu eta orkestrarako kontzertua.............. Naji Hakim [12’]
  • Hora stacatto............................................... Grigoras Dinicus (Orkestrazioa: Iñaki Urkizu) [2’]
  • Iruten ari nuzu.............................................. Herrikoia (Orkestrazioa: Kepa de Miguel) [4’]
  • Atzo ttun ttun............................................... Herrikoia (Orkestrazioa: Kepa de Miguel) [4’]
  • Karibu Peponi.............................................. Javier Martinez Campos [10’]
  • Symphony-Concerto.................................... David Johnstone [27’]
  • Fandango Zaharra....................................... Ezezaguna (Orkestrazioa: Pierre Wekstein) [4’]

 

 

Parte-hartzaileak:

  • Garikoitz Mendizabal, txistularia.
  • Euskadiko Orkestra.
  • Naroa Intxausti, sopranoa.
  • Francisco Escudero Kontserbatorioko Haur Abesbatza. Zuzendaria: Eva Ugalde.
  • Jaume Santonja, orkestra-zuzendaria.
  • Iñaki Telleria eta Marc Blanes, produkzioa eta soinua.

 

 

Gutizia osatzen duten obra batzuei buruzko oharrak

 

Leyenda (Eduardo Moreno)

Argi eta garbi, partitura hau gizakiak bizitzan zehar izaten dituen emozioak erakusteko saiakera bat da. Transmititzeko bozeramailea izaki txiki bat besterik ez da, gutako edozein bezalakoa edo, hobeto esanda, instrumentu xume bat: txistua.

Berari bere hizkuntza, gauzak esateko modua kentzen diogu, bere nortasuna kentzen diogu bere testuingurutik ateraz eta edozein pertsonak sentitzen dituen sentimenduak erakusteko aukera ematen diogu: poza, maitasuna, mina, borroka, eta… zergatik ez? Etsipena.

Leyendak istorio bat kontatzen du, baina txistuari tradizioak sortutako artifizio guztiak kentzen dizkio, bere soinuarekin gizaki guztiek mende luzez sentitzen dituzten bizipen sakonenak erakutsi ahal izateko.

 

Txistu eta orkestrarako kontzertua (Naji Hakim)

Hiru mugimenduko forma klasiko batean oinarritutako kontzertua da. Naji Hakim konpositore libanoarrak euskal genero eta doinuak hartu ditu inspirazio-iturri. Lehenengo mugimenduan mazurka bat eta minueto dantzagarri bat ditu, bigarrenak Pablo Sorozabalen Gernika hileta-martxari egiten dio erreferentzia eta hirugarren eta azkenak dantzari.

 

Hora Staccato (Grigoras Dinicus, Iñaki Urkizuren orkestrazioa)

Obra ezaguna eta birtuosoa. Lehendabizikoz txistu eta orkestrarako aurkeztuko da.

 

Iruten ari nuzu / Atzo Ttun ttun (Herrikoia, Kepa de Miguelen orkestrazioa)

Euskal abesti ezagunak, egile ezezagunekoak eta orkestrazioa Kepa de Miguel Garbizuk eginak. Garikoitz Mendizabalentzat 25 urte ondoren kontserbatorioko ikasle zeneko garaietara bueltatu eta oroitzapen ederrak berriro bizitzea dakarte bi obra hauek. Horretarako bere irakasle kuttun izan zenak, Kepa de Miguelek, prestatu ditu orkestrazioak. Pianoan Amaia Zipitria (bere ikasketetan izan zuen pianojolea) eta abesten Naroa Intxausti sopranoa izango dira bidelagun. Ziklo honen itxiera bat bezala bizi du Mendizabalek, emozioz beteta.

 

Karibu Peponi (Javier Martínez Campos)

Karibu Peponi 2021ean konposatutako lana da, txistu bakarlari eta orkestra sinfonikorako, Garikoitz Mendizabalen enkarguz idatzia. Hari dago eskainia, konpositorea eta txistularia elkartzen dituzten adiskidetasun, esperientzia eta kolaborazio profesionalengatik eskainia.

Kenyari, bertako jendeari, florari eta faunari egindako omenaldi txiki bat da, eta hortik dator izenburua: 'Karibu Peponi'-k euskarara itzulita ‘Ongietorri paradisura’ esan nahi du. Martínez Campos 2019an herrialde horretan egon zenean, Samburuko tribu bateko gerlari bat ezagutu zuen, hiru zuloko flauta batekin inprobisatzen zuena. Instrumentu horrek txistua gogorarazi zion ezinbestean eta, beraz, egokia iruditu zitzaion omenaldi honetan protagonista izatea.

Musikalki, Makru erritmo afrikarra erabiltzen du lanak, eta aldakuntza erritmiko, harmoniko eta melodikoen bidez garatzen diren bi gaietatik abiatuta eraikia dago. Bakarlariaren eta orkestraren arteko etengabeko elkarrizketan, emaitza bezala bakarlariarentzako exijentzia tekniko eta espresibo handiko konposaketa bat ematen du (bai notengatik eta abiaduragatik, bai fraseo eta musikalitateagatik). Konposizioa kolorista, efektista eta zati orkestralean handizalea da.

 

Symphony – Concerto (David Johnstone)

Konpositorearen helburu nagusia txistu bakarlariaren errepertorioari gehikuntza garrantzitsu bat egitea izan da, bai idazketaren zailtasunean, bai egitura sinfonikoan, bakarlaria orkestrarekin maila berean lehia baitaiteke eraldaketa sinfonikoa eta garapen organikoa erakusten duen musika-sorkuntza batean, hortik datorkio izenburua. Lana espirituala da, zalantzarik gabe, baina ez 'erlijiosoa', ez behintzat zentzu tradizionalean.

Lehenengo mugimendua 'Otoitza' bezala hasten da, film erromantikoaren girotzea, bakarlari zati bat batzuetan kantabilea eta beste batzuetan deklamatorioagoa duena; hala ere, orkestra-akonpainamenduak gero eta gehiago txertatzen du bakarlari zatia etsituta eta abailduta iraultzen den tentsioa.

Bigarren unean sartzen garenean, orkestrak bakarlari osoa ‘uzten’ du, bere bidea kadentzia luze baten forman aurkituz. Atsedenik gabe, Johnstone-k hirugarren mugimendu azkarra egin du, ‘Liberazioa’ izenekoa. Geroago, bakarlariak, neurri handi batean, garapenaren sekzioko prozedura gehienak menderatzen ditu; propultsio handiko uneak daude, tentsio eta erlaxazio nahasketa handi bat, bakarlariaren eta orkestrako hari-sekzioko bakarlarien kadentzia sotil baina kementsu bat, eta obra amaiera distiratsu zirraragarri batera eramateko koda loriatsu eta garaile bat.

Felix Palomerorentzat dago eskainia obra, ‘nigan sinesteagatik’, konpositorearen hitzetan.

Next events

Concerts & Tickets April

1 Mo
2 Tu
3 We
4 Th
5 Fr
6 Sa
7 Su
8 Mo
9 Tu
10 We
11 Th
12 Fr
13 Sa
13 april, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 12: Euskal Herriko Gazte Abesbatza Donostia
Matinée 12: Euskal Herriko Gazte Abesbatza
13 april, 2024 Saturday, 18:00 h.
Music Room Misterioa Donostia
Misterioa
14 Su
14 april, 2024 Sunday, 18:00 h.
Music Room Misterioa Vitoria/Gasteiz
Misterioa
15 Mo
16 Tu
17 We
18 Th
18 april, 2024 Thursday, 19:30 h.
Season concerts Die Ersten Menschen Robert Treviño Bilbao/Bilbo
Die Ersten Menschen
19 Fr
20 Sa
20 april, 2024 Saturday, 19:00 h.
Season concerts Die Ersten Menschen Robert Treviño Bilbao/Bilbo Buy tickets
Die Ersten Menschen
21 Su
22 Mo
23 Tu
24 We
25 Th
26 Fr
26 april, 2024 Friday, 19:30 h.
Season concerts Mozart / Bruckner Marie Jacquot Vitoria/Gasteiz Buy tickets
Mozart / Bruckner
27 Sa
27 april, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 13: Aurora Quartet Donostia Buy tickets
Matinée 13: Aurora Quartet
28 Su
29 Mo
29 april, 2024 Monday, 19:30 h.
Season concerts Mozart / Bruckner Marie Jacquot Pamplona/Iruña Buy tickets
Mozart / Bruckner
30 Tu
30 april, 2024 Tuesday, 19:30 h.
Season concerts Mozart / Bruckner Marie Jacquot Bilbao/Bilbo Buy tickets
Mozart / Bruckner