Wednesday 01 July, 2020

Huntza sinfonikoa Euskadiko Orkestrarekin eta Fernando Velazquezekin uda honetarako

Huntza sinfonikoa Euskadiko Orkestrarekin eta Fernando Velazquezekin uda honetarako

Apirilean Izarorekin hiru bideoklip arrakastatsu aurkeztu ostean, Euskadiko Orkestrak Huntzarekin grabatutako beste hiru bideo aurkezten ditu orain, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. 2019ko azaroan grabatu zituzten euskal rock taldearen kanta ezagunenetako hiru, baina orain argitaratuko dira ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan, herriko festarik gabeko eta agertoki huts ugariko ezohiko uda honen hasiera animatzeko.

'Lasai lasai', 'Olatu bat' eta 'Aldapan gora' bideoklipak gaur (uztailak 2), bihar (uztailak 3) eta etzi (uztailak 4) estreinatuko dira, hurrenez hurren.

2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velázquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Huntzaren Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu berri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen oraingoan ere. Orduan egin zen grabazioa eta orain inoiz baino zentzu gehiago hartzen du eremu digitalean argitara emateak, uda hasiera honetan, Huntzaren kontzertuez gozatzeko aukera ez baitugu izango.

 

 

 

Beste publiko batzuetara iristeko Euskadiko Orkestraren proiektu digital estrategikoa

 

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral batean bilakatu zen eta oraindik orain bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta orain dela gutxi eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du, Izarorekin, alegia (milioi erdi bat baino bistaratze gehiago izan dituzte harekin grabatutako bideoek). Orain Huntza euskal talde ezagunarekin egin du modu bereko lankidetza.

Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean, esaterako, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin garatutako proiektuak. Horiek guztiak kontzertu-formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak haratago joatea erabaki zuen eta bideoklip formatura egin zuen jauzi.

 

 

Josune Arakistain (Huntza): “Sorkuntza-prozesua oso polita izan da”

 

Huntza taldeak, Bilboko unibertsitate- eta gazte-girotik sortutakoak, bere agerpen guztiak arrakasta eta jai-giro bihurtzen ditu. Gaur egungo talde euskaldun arrakastatsuenetako bat da, instrumentu tradizionalak (trikitixa, panderoa…) eta pop rock musika uztartzen dituena. Josune Arakistainek eta Uxue Amonarrizek jartzen dizkiote ahotsa eta trikitixa beren kanta ezagunenetako hiruri: Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora.

Josune Arakistain, Huntza taldeko trikitilari eta abeslaria: “Euskadiko Orkestrarekin gure hiru abesti grabatzeko proposamena iritsi zitzaigunetik abestiak osatu arteko prozesua oso oso polita izan da. Alde batetik, Fernando Velazquezen moldaketak zoragarriak dira eta, beste alde batetik, hainbeste pertsonako orkestra bat atzean edukitzeak abestiei beste forma bat eman die. Besterik gabe eskerrak eman nahi dizkiot bai Fernandori bai orkestrako guztiei, eta ea gustatzen zaizkizuen”.

 

 

 

Fernando Velázquez: “Huntzaren kanta ezagunen bertsio berezi eta dibertigarriak dira”

 

Fernando Velázquez proiektuaren zuzendariaren hitzetan: "Oso pozik nago orkestrarekin eta Huntzarekin egin dugun proiektu honekin, beren kanta ezagunenetako batzuekin. Bertsio berezi samar bat da, originala bezain dibertigarria, orkestrak duen izaera, tinbre eta gaitasun horrekin. Asko gozatuko duzuela espero dut, eta topikoa dirudien arren, guk grabatzean bezain ondo pasako duzuela espero dut”.

 

 

Proiektu hau da Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak orain dela gutxien partekatu duten proiektua, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Errepertorio berriak jorratzeko eta publiko berrietara iristeko ariketa horretan, tandem bikaina osatu dute Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak duela hainbat urtetatik, eta emaitza oparoak ekartzen jarraitzen du aliantza honek. Ken Zazpirekin egindako kontzertu-ziklo ezagun haietatik hasi eta getxotarraren agindupean egindako zine-munduko kolaborazio sorta zabalera arte. Azken aldian egindako proiektuen artean nabarmentzekoak dira pantailara eraman diren eleberrien soinu-banda originalak, Fernando Arambururen Patria —laster estreinatuko dena— eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea kasu. Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The Bride Wore Black filmaren musikaren grabazioa. Atzeragora jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A Monster Calls filmarena, zeinaren bidez Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascosena; Contratiemporena; etab.

 

 

Bideoklipen aurkezpena

 

Uztailaren 2, 3 eta 4an aurkeztuko dira hiru bideoklip berri hauek, lehendabizi ETBn eta ondoren Euskadiko Orkestraren sare sozialetan (Youtube, Instagram, Facebook eta Twitter).

 

Uztailak 2: Lasai lasai

 

Uztailak 3: Olatu bat

 

Uztailak 4: Aldapan gora

Next events

Concerts & Tickets December

1 Mo
2 Tu
3 We
4 Th
5 Fr
6 Sa
7 Su
8 Mo
9 Tu
10 We
11 Th
12 Fr
13 Sa
13 december, 2025 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 5: Bilboko Koral Elkartea Enrique Azurza Donostia / San Sebastián
Matinée 5: Bilboko Koral Elkartea
13 december, 2025 Saturday, 19:00 h.
Other Activities Kantuz 25. Ura bere bidean Fernando Velázquez Donostia / San Sebastián
Kantuz 25. Ura bere bidean
14 Su
15 Mo
16 Tu
17 We
18 Th
18 december, 2025 Thursday, 20:00 h.
Other Activities El Diario Vasco Christmas Concert Juanjo Ocón Donostia
El Diario Vasco Christmas Concert
19 Fr
20 Sa
20 december, 2025 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 6: El sonido del silencio Donostia / San Sebastián
Matinée 6: El sonido del silencio
21 Su
22 Mo
23 Tu
24 We
25 Th
26 Fr
27 Sa
28 Su
29 Mo
30 Tu
31 We