Beethoven: Pastorala

Musika Gelaren 2017/2018 denboraldia aste honetan amaituko da Kursaal Auditoriumean maiatzaren 9 eta 10ean egingo diren Eskola-kontzertuekin eta maiatzaren 11n Gasteizko Principal Antzokian eskainiko den Musika familian saioarekin.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aste honetan emango du itxitzat Musika Gela zikloaren 2017/2018 denboraldia Beethoven: Pastorala programarekin. Guztira lau Eskola-kontzertu eskainiko ditu eta Musika familian saio bat ere bai.
Seigarrena, Pastorala, Landa-bizitzaren oroitzapenak, horiek dira Beethovenek emozioz, indarrez eta edertasunez deskribatzen dituen gure Lurra planetako biztanle askoren subkontzientean gordeta dauden musika sinfonikoko 40 minutu horiek jasotako hiru izenburuak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emango duen kontzertua hainbat ataletan banatuko da eta horietan obrako zenbait doinu eta esaldi nabarmenduko da. Ondoren, lanaren mugimendu bakoitza osorik joko dute.
Alde batetik, gaur eta bihar, maiatzak 9 eta 10, Kursaal Auditoriumak lau Eskola-kontzertu hartuko ditu, bina egun bakoitzeko. Goizeko saio hauetara guztira 10 eta 12 urteko 3.500 ikasle bertaratuko dira Gipuzkoa osoko ikastetxetatik: Legazpi, Berastegi, Lazkao, Urretxu, Eskoriatza, Deba, Zarautz, Zestoa, Mutriku eta Donostia. Kontzertu hauetan laguntzaile dira Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Departamentua eta Kursaal Eszena.
Bestetik, ostiralean, maiatzak 11, 19:00etan, Gasteizko Principal Antzokian programa bereko Musika familian saio bat eskainiko du Orkestrak. Sarrerak salgai daude 6 eurotan antzokiaren webgunean (principalantzokia.org), antzokiko leihatilan, 945161045 telefono-zenbakira dei eginda edo Kutxabanken kutxazainen bidez.
Modu honetan amaituko da Musika Gela zikloa aurten, zeina lehendabizikoz Abonu-denboraldiari lotuta antolatu den. Zikloak barne hartu dituen obrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programazio nagusian ardatz izan diren musikagileenak izan dira: Beethoven eta bere Pastorala sinfonia hilezkorraz gain, aurtengoan ikasleek eta familiek Brittenez eta bere haurtzaroari eskainitako konposizioez gozatu ahal izan dute, baita Xostakovitxen alderdi bromazaleenaz ere. Guztira hiru ekoizpen propio estreinatu ditu Orkestrak: Soinuekin jolasean, Pierrot eta azken hau, Beethoven: Pastorala.
More information
Esku-programaYou might be interested in ...
Concerts & Tickets April

