Friday 07 December, 2018

Euskal konkista Municheko Herkulessaalen

Euskal konkista Municheko Herkulessaalen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Municheko Herkulessaal prestigioduneko eszenatokira igo zen konfiantza, energia eta irmotasun osoz. Emanaldia gogobetegarria izan zen, eta Orkestra garaile atera zen. “Uste dut jendea sinetsi ezinik dagoela Orkestra hau zeinen bikaina den”, adierazi zuen Robert Treviñok.

 

Munichi buruz

 

Mundu osoan ezagunak diren hiru orkestra sinfoniko handi daude Munichen, baita hiru ganbera-orkestra eta lau kontzertu-areto ere, ia 6.000 eserlekurekin. Horrek bakarrik argi uzten du zein itzal handikoa den Europako erdiguneko hiri hau musika klasikoaren alorrean. Hortaz, bere programazio aberatsaren harresietan barrena sartu izana bere horretan mugarri garrantzitsua da ‘Baskisches Nationalorchester’-arentzat. Eta gainera, konplexurik gabe egin du, bere euskal sustraiak (Sorozabalen lanarekin) eta bi konpositore unibertsalen lanak (Elgar eta Mahler) uztartzen dituen asmo handiko programa batekin. Horrek, zalantzarik gabe, publikoaren eta hedabideen interesa piztu du. Municheko Herkulessaaleko atzoko kontzertuan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren interpretazioa bikaina izan zen, Orkestra gorenean uzterainokoa.

 

Hasteko, Sorozabal

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak geneetan darama euskal kulturaren enbaxadore-rola betetzea eta, zeregin horretan, Municheko kontzertu hau Sorozabalek 1929an Leipzigen idatzi zuen Zazpi lieder obraren hautaketa batekin irekitzea erabaki zuen oraingoan. Seguraski euskal musikagileak ez zukeen sekula imajinatuko bere musika, Heinrich Heineren poemetan inspiratutakoa, euskal erritmo eta modulazioz betea eta euskal kulturako pertsonaia garrantzitsu ugariri eskainitakoa, musika klasikoaren tenpluetako batean interpretatuko zutela. Mojca Erdmann soprano alemaniarra ‘Amesetan’, ‘Lotoren lorak’ eta ‘Ez dot sinisten’ liederrak euskaraz abesten entzun ahal izateak hunkitu egin zituen han bildu zirenetako asko. Horrek baieztatu baino ez zuen egin Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere musika eta kultura hedatzeko tresna gisa duen balioa. Horren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, aretora bertaratu zenak: “txundituta nago aretoa hain beteta ikusteaz”, baita Maisuak txalo-zaparraden ondorioz zazpi aldiz eszenatokira agertu behar izan duela egiaztatzeaz ere. Zupiriak zera ere gaineratu zuen: “Herrialde bezala mundura atera nahi badugu, industria eta ekonomiaz gain, kultura ere esportatu behar da, eta Euskadiko Orkestrak bide horri ekin dio; eredu bihurtu da”. Zupiriak emanaldiaren kalitate altua ere goraipatu zuen.

 

Ondoren Elgar eta Mahler

 

Sorozabal jendaurrean aurkeztu ostean, Orkestrak musika unibertsalagoari heldu zion, inguru horietan ezagunagoa den esparru batean. Lehendabizi Orkestrak oso ondo prestatua daramatzan Elgarren Enigma Bariazioak eraman zituen atriletara, Linzen bi gau lehenago egin zuen bezala. Nachrichten austriar egunkariak gure Linzeko kontzertuari eskaini zion kritikan honakoa esan zuen: “Bariaziorik ezagunenean, Nimrod, orkestrak kultura pianistiko liluragarria jorratzen duela nabaritu zen”. Eta ondorio honetara ere iritsi zen austriar egunkaria: “Emanaldia koherentea izan zen, eta Mahlerren Laugarrenaren interpretazioa ere sekulakoa izan zen”.

Hori guztia oinarritzat hartuz, Orkestraren eszenaratzea sendoa eta dudagabea izan zen. Mahlerren Laugarrena konpositore alemaniarraren sinfonia ezagunenetakoa da. Ikusi besterik ez dago azken hamabost egunetan hiru aldiz programatu dutela obra hau Munichen, eta hil honen erdian Municheko Filarmonikoak ere horixe bera egingo duela Valery Gergieven zuzendaritzapean. Bestalde, Robert Treviño nazioarteko karrera intentsua ari da garatzen. Municheko Filarmonikoa areto honetan bertan zuzendu zuen, eta oraindik jendearen oroimenean dago Mahlerren Bosgarrenaren bere interpretazioa. Beraz, Robert Treviñok argi ikusi zuen hasiera-hasieratik Munichen bere Orkestrarekin asmo handiko programa batekin aurkeztu behar zuela. Eta horregatik hautatu zuen Mahler, bere indarra erakusteko, eta bere gaitasun, segurtasun, konbikzio eta energia osoarekin interpretatzeko. Eta hala izan zen emanaldi osoan barrena. Ondo konbinatuta eta Treviñorekin etengabeko konexioan, Mahlerren Laugarrenaren Orkestraren joaldia oso txalotua izan zen; hainbeste, non zazpi aldiz atera baitzen eszenatokira Treviño. Bere aldetik, Mojca Erdmannek, Linzeko gaixoalditik erabat osatuta, bere parte-hartzea burutu zuen, dotorezia eta fintasun osoz adieraziz musikagileak sinfoniaren azken mugimenduan aipatzen dituen plazer zerutarrak. Ezin izan zuen eszenatokia utzi harik eta bi bis eskaini zituen arte: lehenengoa, R. Straussen Azken lau kantak obrako ‘Morgen’; eta, bigarrena, Orkestrarekin bakarrik, Gimenezen La boda de Luis Alonsoren intermezzoa.

Kontzertuaren amaieran Treviño maisua pozez zoratzen zegoen gauak emandako guztiarekin. “Publikoa zoragarria da, Orkestra oso pozik dago, emanaldia bikaina izan da, eta uste dut jendea sinetsi ezinik dagoela Orkestra hau zeinen bikaina den. Oso harro nago guztietaz”, esan zuen.

Kultura sailburu eta Orkestraren Presidente Bingen Zupiriaz gain, kontzertuan izan ziren Municheko kontsul espainola, Francisco Pascual de la Parte; Cervantes Institutuaren ordezkariak; Municheko SPRIren bulegoko zuzendari Maria Sarricolea; eta bertan bizi den euskal komunitateko herritar batzuk. Guztiak geratu ziren txundituta Orkestraren kalitatea egiaztatzeaz, baita Helmut Pauli ere, Herkulessaaleko agendan kontzertua txertatzea lortu duen tokiko programadorea, ohituta dagoena hiriko bizitza musikal intentsu eta sona handikoarekin. “Orkestra hau handienen parean dago, soinua bikaina da eta espero ez genituen Mahlerren koloreak atera ditu; plazerra izan da Orkestra Munichera ekartzea”.

 

Bira ez da amaitu

 

Larunbatean berriz itzuliko gara Austriara, oraingoan Bregenzera, Orkestrarentzat lehendabizikoz. Festspielhausen izango dugu entzunareto, Konstantza lakuaren ertzean dagoen 1.600 eserlekuko aretoa, zeinerako sarrera guztiak agortu egin diren dagoeneko. Sorozabal eta Mahlerrekin jarraituko dugu han, eta Vadim Gluzman biolinjole prestigiodunari sarrera emango diogu, Prokofieven 2. Biolinerako kontzertuaren interpretazioarekin. Programa hau ere indartsua izango da, ibilbide luzeko bi solistarekin eta, berriz ere, musika euskalduna eta unibertsala uztartuko ditugu. Larunbatean, abenduak 8, 19:30ean, izango da kontzertua, bira honetarako programatu ditugu hiruetako azkenekoa.

Next events

Concerts & Tickets March

1 Fr
2 Sa
3 Su
4 Mo
5 Tu
6 We
7 Th
8 Fr
9 Sa
10 Su
11 Mo
11 march, 2024 Monday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Donostia / San Sebastián
Rachmaninoff / Strauss
12 Tu
12 march, 2024 Tuesday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Pamplona/Iruña
Rachmaninoff / Strauss
13 We
13 march, 2024 Wednesday, 19:30 h.
Season concerts Rachmaninoff / Strauss Riccardo Frizza Vitoria/Gasteiz
Rachmaninoff / Strauss
14 Th
15 Fr
16 Sa
17 Su
18 Mo
19 Tu
20 We
20 march, 2024 Wednesday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Donostia / San Sebastián
Venegas / Prokofiev
21 Th
21 march, 2024 Thursday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Donostia / San Sebastián
Venegas / Prokofiev
22 Fr
22 march, 2024 Friday, 19:30 h.
Season concerts Venegas / Prokofiev Pablo González Pamplona/Iruña
Venegas / Prokofiev
23 Sa
23 march, 2024 Saturday, 11:00 h.
Miramon Matinées Matinée 11: Aeolia Ensemble Donostia
Matinée 11: Aeolia Ensemble
24 Su
25 Mo
26 Tu
27 We
28 Th
29 Fr
30 Sa
31 Su